Albisteak

Gora egin du lanaldi osoko lanak dituzten 30 urtetik beherako langile gazteen portzentajeak

2019 Apirila 25

Eta gazteen batez besteko soldatak igo dira

Euskadin zeregin nagusia lan egitea duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteen kopurua guztizkoen herena da, % 35,4 hain zuzen ere.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen banaketa beren zeregin nagusiaren arabera 2017an (%)

16 eta 29 urte bitarteko gazte okupatuen ia erdiak (% 47,6) aldi baterako kontratua du eta, gainera, horrelako kontratuak dituztenen portzentajea handitu egin da azken urteotan.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko langile gazteen kontratu motaren bilakaera (%)

Horrek ez du esan nahi beste arlo batzuek ez dutela hobera egin. Hamar langile gaztetik bederatzik Gizarte-segurantzan kotizatzen dute eta lanaldi osoko lanak dituztenak 2015ean baino gehiago dira orain, emakumeen artean batik bat.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko langile gazteen lanaldi motaren bilakaera, sexuaren arabera (%)

Horrek eragina izan du soldaten igoeran, batez ere emakumeen soldateen kasuan; beraz, emakume eta gizon gazteen arteko soldata-arrakala txikitu egin da aurreko urteetakoekin konparatuta eta 132 eurotakoa da 2017an.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko langile gazteen hileko soldata garbiaren bilakaera, sexuaren arabera (euroak)

Edozelan ere, emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino gehiago dira aldi baterako kontratua dutenak (% 52,4 eta % 43,1, hurrenez hurren) eta gutxiago dira beren kontura lan egiten animatzen direnak (30 urtetik beherako emakume okupatuen % 4,4 eta gizon okupatuen % 12,0). Eta, ikusi berri dugun bezala, gizonek baino lanaldi partzial gehiago dituzte emakumeek, eta soldata apalagoak jasotzen dituzte.

Bestalde, behera egin du beren enplegua urtebeteko epean gal dezaketela edo beren lan-baldintzak oker daitezkeela uste duten langile gazteen ehunekoak, % 42,9tik % 29,0ra (emakumeek gizonek baino aldi baterako kontratu gehiago dituztenez, arrisku handiagoa sumatzen dute), eta handitu egin da ikasitakoarekin oso lotutako lana dutela diotenen ehunekoa (2013an % 22,3; 2015ean % 33,1 eta 2017an % 43,4).

Horrenbestez, behera egin du lana aldatu nahi duten langile gazteen ehunekoak, eta baita, horren ondorioz, beste enplegu bat bilatzen ari direnen ehunekoak ere.

Lana aldatu nahi duten 16 eta 29 urte bitarteko langile gazteen ehunekoaren bilakaera (%)

Aipatutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak kaleratu duen “Gazteak eta enplegua Euskadin 2017 (leiho berri batean irekitzen da)” izeneko ikerketatik datoz. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiaren web orrian aurki dezakezu.