Albisteak
Eusko Jaurlaritzak bikotea osatzen duten bi pertsonen guraso-baimenen iraupena parekatuko du, eta lehen aldia izango da lege batean
2018 Otsaila 16
- Horrela jasotzen du Eusko Jaurlaritza lantzen ari den eta zentral sindikalekin negoziazio-fasean dagoen Euskal Enplegu Publikoaren Legearen zirriborroak
- Neurri aitzindaria da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, baimen horiek iraupen berekoak, %100ean ordainduak, eta besterenezinak izatea proposatzen duen lehen arau-testua baita
Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publikoko Sailburu Josu Erkorekak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarraren kontrol-saioan iragarri duenez, etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legeak, lehenengo aldiz arau-testu batean, bikotea osatzen duten bi pertsonen gurasotasun-baimenen iraupena parekatuko du. Baimen horiek %100ean ordainduak eta besterenezinak izango dira. Funtzionarioen guraso-baimenak arautzen dituen lege-esparru konparatuan erabaki aitzindaria da.
Neurri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskal Administrazio Publikoko langileen lana eta familia uztartzeko aukera bultzatu nahi du, eta emakumeen eta gizonen erabateko berdintasunaren arloan, jauzi kualitatibo bat eman. Gizonen eta emakumeen artean, seme-alabak zaintzeko zereginak desberdin banatzeak dakarren desoreka zuzentzen laguntzea.
BERDINAK ETA BESTERENEZINAK
Momentu honetan, dekretuz araututako baimen hauek, gutxienez, 18 aste etengabekoak dira erditzea, adopzioa, harrera edo subrogazioa ematen den unetik, eta 4 astekoak “aitatasunagatik”.
Euskal Enplegu Publikoaren Legean, Eusko Jaurlaritzak, orain, egiten duen proposamena bikotea osatzen duten bi pertsonen gurasotasun-baimenen iraupena parekatzea da, sexua edozein izanik ere. Baimenak %100ean ordainduak izateaz gain, besterenezinak izango dira, bikotea osatzen duten bi pertsonen artean, berdintasuna sustatzea eta gizonek ere etxeko lanaren erantzukizuna beren gain hartzeko aukera izatea baita helburua. Frogatuta dago gizonak seme-alaben zaintzan inplikatzea funtsezkoa dela emakumeen ahalduntze, garapen eta ongizaterako, jaiotzak sustatzeko, gizonen ongizate emozionalerako, eta genero-indarkeriaren prebentziorako.
2017KO DATUAK
Aurreko urtean, 2017an, Euskadiko Administrazio Orokorrean, 965 pertsonek erditze, adopzio, harrera edo subrogazioagatik, 18 asteko baimenak eskatu zituzten. 420 pertsonek 4 asteko aitatasun baimena hartu zuten.

