Albisteak

Euskadin emakume gazteek gizon gazteek baino proportzio handiagoan dituzte lanaldi partzialeko lanak, aldi baterako kontratuak, bai eta soldata baxuagoak ere

2019 Apirila 09

Gazteen Euskal Behatokiak kaleratu duen azken txostenaren arabera (Gazteak eta enplegua Euskadin 2017 (leiho berri batean irekitzen da)), ez dago alde esanguratsurik lanean ari diren gizon eta emakume gazteen kopuruen artean: 30 urtetik beherako gizonen % 36,0 lanean dabiltza, zeregin nagusi moduan, bai eta adin horretako emakumeen % 34,7 ere.

Hala ere, badaude aldeak batzuen eta besteen lan-baldintzen artean.

Lanaldi partzialean lan egitea ohikoagoa da emakumeen artean, gizonen artean baino; izan ere 20 puntutako aldea dago horrelako lanaldia duten 30 urtetik beherako emakumezko langileen (% 39,7) eta adin horretako gizonezko langileen (% 19,1) artean.

Lanaldi osoan eta partzialean lan egiten duten Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko emakumeen eta gizonen arteko konparazioa (%)

Gainera emakume gazteek gizon gazteek baino proportzio handiagoan dituzte aldi baterako kontratuak, baita kontraturik gabeko lanak ere.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko langileek oraingo enpleguan duten kontratu mota, sexuaren arabera

Gauzak horrela, urtebeteko epean lana galtzeko arriskurik sumatzen ote duten galdetzen zaienean, normala da emakume gazteek gizon gazteek baino beldur handiagoa izatea (% 27,0 eta % 18,4 hurrenez hurren).

Bestalde, gizonekin konparatuta, emakume gazte gutxiago ausartzen dira beren negozio propioa izaten edo beren kontura lan egiten (lanean dabiltzan emakume gazteen % 4,4 eta lanean ari diren gizon gazteen % 12,0).

Eta hori ez da alde bakarra; besteen kontura lan egiten dutenen artean emakume gazteak gehiago ari dira administrazio publikoan lanean, gizon gazteak baino (% 10,0 eta % 4,8 hurrenez hurren). Bestetik, besteen kontura lan egiten duten emakume gazteen % 5,1ek etxe-zerbitzuetan lan egiten dute eta egoera horretan dagoen gizon gazterik ez dugu aurkitu.

Azkenik, gizon gazteen batez besteko soldatak emakumeenak baino altuagoak dira. Lanean ari diren 30 urtetik beherako emakumeek 1025 euro garbiak jasotzen dituzte hilean, batez beste; gizon gazteen kasuan batez besteko soldata garbia 1157 eurokoa da hilean; hau da, gizon eta emakume gazteen arteko soldata-arrakala 100 eurokoa baino handiagoa da.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko langileen batez besteko hileko soldata garbiak, sexuaren arabera

Txosten osoa Gazteen Euskal Behatokiaren web orrian kontsulta daiteke.