Albisteak
Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 4,2 obesoak dira
2019 Urria 15
Urriaren 16a, Elikaduraren Munduko Eguna
1979an Nazio Batuen Erakundeko agentzia espezializatua den Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (ingelesez Food and Agriculture Organization, FAO) aldarrikatu zuen urriaren 16a izango zela Elikaduraren Munduko Eguna eta harrezkero urtero ospatzen da egun hori. Gure herrialde garatuetan elikadurari lotutako arazo larrienetariko bat obesitatea da. Hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokitik Euskadiko gazteen arteko obesitate-tasak ezagutzera emango ditugu.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak Gazteen Euskal Behatokiari azken Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Inkestatik (EAEOI) emandako datuen arabera, 2018an Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 4,2 obesoak ziren.
Pertsona baten Gorputz Masaren Indizea 30 baino handiagoa denean obesotzat jotzen da pertsona hori. Gorputz Masaren Indizea (GMI) honela kalkulatzen da: dugun kilo kopurua zati altuera (metrotan) ber bi.

Obesitate-tasa (talde bateko obesoen portzentajea) pixka bat txikitu da 2013ko zifrarekin alderatuz gero eta 2007an izandakoaren parekoa da. Euskadiko biztanleria osoaren tasak joera berdina izan du baina, oro har, seriearen zehar biztanleria osoaren tasak gazteen artekoak baino hiru aldiz handiagoak dira.

Gizon eta emakume gazteen artean dauden aldeei erreparatuz gero, ikusten dugu adin horretako (15-29) gizonen tasa emakumeena baino handixeagoa dela: % 4,9 eta % 3,6, hurrenez hurren, 2018an. Baina argitu behar da gizonek emakumeek baino Gorpuz Masaren Indize handiagoa izaten dutela beraien hezurrek eta giharrek pisu handiagoa izaten dutelako.
Adinean gora egin ahala handitu egiten da obesoen portzentajea ere: % 1,1ekoa da 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 2,5ekoa 20 eta 24 urte bitartekoen artean eta % 8,7koa 25 eta 29 urte bitartean daudenen artean. Hau hazkuntzarekin eta horrek dakarren hezur-masa eta gihar-masa handitzearekin lotuta dago, alde batetik (batez ere, gizonezkoen artean), eta bestetik, kirol-jarduera erregularrari uztearekin. Gazteen Euskal Behatokiak 2016an “Euskadiko gazteak 2016” izeneko ikerketa kaleratu zuen. Bertan ikusten zen 15 eta 19 urte bitarteko gazteen % 55ek gutxienez astean hiru egunetan egiten zutela kirola baina 20 eta 24 urte bitartekoen artean ehuneko hori % 49ra jaisten zela eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean are gehiago, % 44ra.
Aipatutako datu guztiak Gazteen Euskal Behatokiaren web orriko estatistika atalean kontsulta daitezke.

