Albisteak

Euskadiko gazteen artean seme-alabak izateko nahiak behera egiten jarraitzen du

2019 Martxoa 18

Etorkizunean aita edo ama izan nahi duten gazteek diote nahiko luketela lehen seme-alaba 30 urte dutenean izan.

Euskadin seme-alabarik ez duten 30 urtez azpiko gazteen % 78,5ek egunen batean izatea gustatuko litzaiekeela diote. Beste 17,9k, aldiz, gutxi gustatuko litzaiekeela edo ez litzaiekeela batere gustatuko diote.

Datuok Gazteen Euskal Behatokiak Aurrera Begira (leiho berri batean irekitzen da) izena duen ikerketa burutzeko egindako landa lanetik datoz. 2018ko urria eta azaroaren artean batu ziren eta Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko gazteak izan zituen iturri.

Ikerketa honetan, beste hainbat konturekin batera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteei etorkizunean seme-alabarik izateko gogoa duten galdetu zitzaien. Seme-alabak izateko nahia jaisten doa azken urteotan gazteen artean. 2015 urtearen bukaeran seme-alabarik ez zuten gazteen % 84,7k izateko nahia aitortzen zuten, 2016ko azaroan ehuneko hori % 83,0koa zen eta 2017ko urrian % 78,5era murriztu zen eta 2018ko udazkeneko datu bilketan % 77,3raino jaitsi zen.

Seme-alabak izateko nahiaren bilakaera, orain seme-alabarik ez duten 30 urtez azpiko gazteen artean (%)

2018ko datuei erreparatuz gero, ikus dezakegu seme-alabak izateko nahia handixeagoa dela mutilen artean (% 77,9k diote asko edo nahikoa gustatuko litzaiekeela) mutilen artean baino (nesken kasuan, % 76,7k nahiko lukete hori).

Sexua eta adina konbinatuz gero, agerian geratzen da adinean gora egin ahala handitzen doala seme-alabak izateko nahia, bai mutilen artean, baita nesken artean ere, baina gogo hori beti (adin tarte guztietan) dela handiagoa neskengan, mutilengan baino.

Etorkizunean seme-alabak izateko nahia, orain seme-alabarik ez duten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean

Seme-alabak izan nahi dituzten gazteen ustez horretarako adinik egokiena 30 urteak dira, eta ideia horrekin bat datoz neskak eta mutilak.

Zenbat eta nagusiagoa izan orduan eta atzerago dago adin ideal hori. Gazteenek, 15 eta 19 urte bitartekoek, diote nahiko luketela aita edo ama izan 29 urte dituztenean, 24 eta 25 urte bitartekoek adierazten dute seme-alabak izateko adinik aproposena 30 urte direla, eta 25 eta 29 urte bitartekoek atzeratzen dute pixka bat adin hori eta esaten dute 31 urte dela aita edo ama izateko adinik onena.

Gazteek idealtzat jotzen duten adin hori Euskadin lehenengo seme-alaba izaten den adin errealaren azpitik dago. INEk (Instituto Nacional de Estadística) ematen dituen datuen arabera, Euskadin emakumeek, batez beste, 32 urterekin izaten dute lehenengo seme-alaba, hau da, emakumeek nahiko luketen baino bi urte beranduago (datu hori Gazteen Euskal Behatokiak bere webgunean dituen estatistiketan kontsulta daiteke, Biztanleria izeneko atalean, hain zuzen ere).