Albisteak

Euskadik 2021ean izan du eskola uzte goiztiarraren zifrarik baxuena: 4,8 %

2023 Urtarrila 23

Urtarrilaren 24an Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aurtengo leloa “Pertsonengan inbertitzea, hezkuntza lehenestea” da. Kalitatezko hezkuntza Garapen Jasangarrirako 17 helburuetako bat da.

Eskola uzte goiztiarrak hauxe adierazten du: gehienez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditu eta ikasketa edo prestakuntza gehiago jaso ez duten 18 eta 24 urte bitarteko gazteen ehunekoa. Euskadin eskola uzte goiztiarra % 4,8 izan da 2021ean (% 4,9 emakumeen artean eta % 4,7 gizonen artean). Portzentaje orokor hori 2010tik 2021era doan seriearen baxuena izan da, nahiz eta emakumeen artean pixka bat igo den 2018-2020 aldiarekiko.

Euskadiko 18 eta 24 urte bitarteko biztanleriaren eskola uzte goiztiarraren tasaren bilakaera, sexuaren arabera (%)

2021eko datu horiek (erabilgarri dauden azken datuak) Europar Batasunean jasotakoekin konparatuz gero, ikus dezakegu Euskadikoa Europako batez bestekoaren azpitik dagoela (%9,7 da EBko batez bestekoa) eta, Espainiako datuarekin alderatuz gero, aldea are handiagoa da (Espainian % 13,3 baita).

EB27ko 18 eta 24 urte bitarteko biztanleriaren eskola uzte goiztiarraren tasa 2021ean (%)

Datu horiek eta beraien bilakaera, bai eta sexuaren araberako banaketa ere, Gazteen Euskal Behatokiak  bere webgunean eskaintzen dituen estatistiketan kontsulta daitezke, “Hezkuntza” izeneko atalean, hain zuzen ere.