Albisteak
Artolazabalek prestazio ekonomikoa proposatu du aitatasun-eszedentzietarako, hamabi astez, jaio eta hurrengo hamabi hilabetean; eszedentzia hori ezingo da amatasun-baimenaren aldi berean hartu eta zenbatekoa kotizazio-oinarriaren % 100en baliokide izango
2018 Martxoa 21
- “Gizarte- eta erakunde-adostasunik gehien lortu behar da, euskal familiek nahi beste seme-alaba izateko”.
- Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Legebiltzarrean hitz egin du.
- “Gure familiak eta haurrak Euskadik Europan duen aurrerapen sozialaren eta solidarioaren eta garapen jasangarriaren oinarri dira”.
- “Legebiltzarrak ekarpen handia egin diezaioke Familia eta Haurrei Laguntza emateko egiten ari garen IV. Planari”.
- Euskadik 63,5 milioi € inbertitzen ditu kontziliazioan eta seme-alabak dituzten familientzako laguntzetan; gehien inbertitzen duen erkidegoa da. Erkidego bakarra da jaiotzagatiko eta adopzioagatiko laguntzak dituena.
- “Hau epe luzerako karrera da: ekimen errealistak, jasangarriak eta egingarriak proposatu behar dira, pixkanaka ezartzen joateko”.
- “Bigarren semeagatiko edo alabagatiko laguntza bi urterokoa barik hirukoa izateko ”.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Legebiltzarrean zera iragarri du: “familia- eta lan-bizitza uztartzeko laguntzei buruzko dekretuaren aldaketa sustatuko dugu, mailakako prestazio ekonomikoa sartzeko, aitatasun-eszedentziak estaltzeko, hamabi hilez, umea jaio eta hurrengo hamabi hilabetean, baina amatasun-baimenerako aldi berean izan gabe eta kotizazio-oinarriaren % 100eko zenbateko baliokidearekin. Estatuan dauden aitatasun-baimen murriztuetarako neurri alternatiboa da, eta dagoeneko Eusko Jaurlaritzak Funtzio Publikorako iragarri duenari gehitzen zaio”.
Era berean, familiei eskainitako saio monografikoaren hasieran Artolazabal sailburuak esan du “hausnarketa proposatuko duela, foru-aldundiekin batera, egungo laguntza zuzenen eta zerga-kenkarien formula proposatzen den xedea betetzeko egokiena den adosteko edo, ordea, Plan berriaren helburuak harmonia gehiagoz betetzen laguntzen duen bestelakorik dagoen aztertzeko”.
Lan-talde hori eratu eta hark erabakiak hartu arte, Beatriz Artolazabalek iragarri du jarraituko duela “seme-alabak dituzten familiei zuzendutako prestazio ekonomikoen hobekuntzan eragiten. Horretarako, izapide-prozesuan dago Seme-alabak Kargura dituzten Familiei Laguntzeko Diru Laguntzen maiatzaren 17ko 30/2015 Dekretuaren aldaketa, bigarren semeagatiko edo alabagatiko laguntza bi urterokoa barik hirukoa izateko”.
Sailburuak azaldu du “Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 12/2008 Legearen erreforman kargura dituzten adingabeak dauzkaten familia-unitateei GLLen eta DSBEaren esparruan ematen zaien tratamendua hobetu ahal izateko neurriak proposatuko dituela, besteak beste: erroldatuta egoteko gutxieneko aldia bi urtera murriztea kargura adingabeak dituzten familien kasuan, DSBEa jasotzeko; gurasobakarreko familientzako gaur egun dagoen osagarriaren gorakada DSBEaren esparruan. Eta osagarria ezartzea DSBEaren esparruan, familia-eremuan indarkeriaren biktima diren pertsonen kasuan”.
Haurren ongizatea
“Jardunbide egokiak zabaltzeko, esku-hartzeak ebaluatzeko eta haurren eta familien ongizatearekin lotuta dauden adierazleen sistemari eusteko, ebidentzian oinarritzen den praktikatik beharrak antzeman eta politika publikoak antzeman ahal izateko, Familiaren Behatokia eta Haur eta Nerabeen Behatokia sendotuko dugu. Horretarako, honako ekintza hauek egingo ditugu: Batzorde Zientifiko aholkularia sortuko dugu, online argitaratuko dugu familia eta haurren egoerari buruzko datu- eta adierazle-bankua. Ikerketa eta azterlanen programa berezia; eta jardunbide egokiak identifikatu eta zabalduko ditugu”, esan du.
“Hazkunderako, loturarako eta atxikimendu segururako guraso-gaitasunak” eskuratzea sustatzeko, eta familiei zailtasun-egoeretan laguntza eskaintzeko, gurasotasun positiboko beste programa batzuez gainera, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren esparruan, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak zera sustatuko du: “haurdun dauden ama gazteentzako laguntza-programa pilotua, 25 urtetik behera lehenengoz ama direnei eta arrisku-faktoreak dituztenei (gurasobakarrak, gizarte-bazterketarako arriskua edo prestakuntza-maila baxua) zuzenduta”.
“Gazteen emantzipazioari bide emateko eta familia berriak eratzeko, lehen lan-esperientzietarako bide ematen diegu aurretik lan-esperientziarik ez duten edo oso gutxi duten pertsonei. Horretarako, zenbait ekimen ditugu, besteak beste: Lehen Aukera programa, Global Training bekak edo nazioartekotze-bekak. Era berean, gure gazteen emantzipazioa bultzatu nahi dugu eta, horretarako, etxebizitzara jotzeko aukerak eman nahi ditugu, nagusiki alokairuan; horretarako, gazteen kolektiboarentzat etxebizitza babestuaren erreserba lehenetsia ezarriko dugu”, esan du Artolazabal sailburuak.
Horretarako, Beatriz Artolazabalek iradoki du “gazteei zuzendutako formula eta neurri alternatibo berriak garatzeko, besteak beste, zuzkidura-bizitokiak, pisu partekatuak eta belaunaldien arteko bizikidetzako ekimenak sustatzen dituzten programak”.
Artolazabalen iritziz, gizarte- eta erakunde-adostasunik gehien lortu behar da, euskal familiek nahi beste seme-alaba izateko”. Eusko Legebiltzarrak familia eta haurrei eskainitako saio monografikoan parte hartu du sailburuak, eta, bere iritziz, “horiek dira Euskadik Europan duen aurrerapen sozialaren eta solidarioaren eta garapen jasangarriaren oinarri”
Artolazabalek Familia eta Haurrei Laguntzeko IV. Planaren oinarriak azaldu ditu, Euskadiko erakunde guztiek bultzatzen duten Familia eta Haurtzaroaren Inbertsiorako Euskal Estrategian oinarrituta. Hura idazten administrazioarekin lotura duten pertsonek, hirugarren sektoreko erakundeek eta mundu akademikoko adituek parte hartu dute.
“Estrategian lortu den akordioaren ondoren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak erakundeen arteko Ituna garatu du; aho batez onetsi zuen hura Familiaren Euskal Kontseiluak. Halaber, Familia eta Haurtzaroaren Inbertsiorako Euskal Estrategiaren oinarriak eraman zaizkie Gizarte Elkarrizketako Mahaiko lan-taldeei eta Elkarrizketa Zibileko Mahaiari. Gainera, hiru foru-aldundietan inplikatutako sailekin eta Eudel - euskal udalerrien elkartearekin partekatu eta adostu zen”, esan du Artolazabalek.
Prozesu hori amaitzeko, Ituna eta Estrategia gauzatu eta garatuko dituzte erakunde guztiek, “Familia eta Haurrei Laguntzeko IV. Plan”ean jasoko diren neurri zehatzekin; laster idatziko da plana. Artolazabalek plan horretarako Legebiltzarreko indarrei parte-hartzea eta laguntza eskatu die.
Beatriz Artolazabalen hitzen arabera, “duela aste batzuk Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek eta eskualdeko erakundeek sinatutako Familia eta Haurrentzako Euskal Itunaren helburua da honako egiturazko bi fenomeno hauei erantzuteko politiken pakete koordinatua antolatzea: jaiotza-tasa baxuak eta pertsonek beren proiektu familiarra nahi beste seme-alabarekin hasi ahal izatea zailtzen duten oztopoek irautea; eta seme-alabak dituzten familien zailtasun ekonomiko handienak”.
Euskadik, 2008tik, Familiei Laguntzeko Legea du, eta horrek familiei laguntzeko neurrien zehaztapenean oinarrizko printzipioak ezartzen ditu.
Helburuak
Beatriz Artolazabalek proposatutako familia-politiken helburuak honako hauetan zentratzen dira: “familia-mota guztien eskubideak sustatzea eta beren ongizate-maila hobetzen laguntzea; familiaren barruan haurrak eta nerabeak babesten direla bermatzea; pertsonek beren proiektu familiarra nahi beste seme-alabarekin hasi ahal izatea zailtzen duten oztopoak pixkanaka kentzen edo murrizten laguntzea".
Gainera, Artolazabal sailburuak berriz ere nabarmendu ditu honako alderdi hauek: “kontziliazioa familia- eta lan-arloetako erantzukizunetan, eta emakumea lan-merkatuan sartzea eta bere lanbide-karrera garatzea; familia-eremuan eta, bereziki, seme-alaba adingabeen zaintzan eta hezkuntzan eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arretan gizon eta emakumeen erantzunkidetasuna finkatzen laguntzea; belaunaldien arteko eta belaunaldi barruko elkartasuna sustatzea; familiaren ekonomia-babesa bermatzea eta ahultasun-egoera berezietan dauden familien gizarte-bazterketa prebenitzea”.
“Adinekoei arreta emateko politikak, batik bat mendekotasun-egoeran daudenei, eta familia eta haurrentzako laguntza-politikak funtsezko bi oinarri dira gizarte-politiketan”, esan du sailburuak.
Era berean, Laguntzarako Euskal Itunaren eta Familia eta Haurrei Laguntzeko IV. Planaren oinarrizko hiru helburuak honako hauetan zentratzen dira: a) Emakume eta gizonen ugalketa-asmoak betetzea eta pertsonek beren proiektu familiarra nahi beste seme-alabarekin hasi ahal izatea zailtzen duten oztopoak pixkanaka kentzen edo murrizten laguntzea; b) Europako erakundeek babestutako haurtzaroko inbertsioaren ikuspegia betetzea eta, horretarako, ume eta nerabe guztien aukera-berdintasuna bermatzen duten neurriak antolatzea; c) Desberdintasunaren belaunaldi arteko transmisioa prebenitzea eta seme-alabak dituzten familien pobrezia-egoerak ahalik eta gehien murriztea.
Printzipioak
Artolazabalek proposatu duen Familia eta Haurrei Laguntzeko IV. Planak honako oinarri hauek izango ditu: familia-aniztasuna aitortzea eta hari laguntza ematea; erantzunkidetasuna eta genero-berdintasuna, sine qua non baldintza ugalkortasuna hazteko; zuzeneko arretako zerbitzuen eta prestazio ekonomikoen konbinazioa; pixkanakako unibertsaltasuna: familia guztietan zerbitzu eta prestazioak, arreta berezia jarriz premia gehien dutenetan; kapital sozialaren, baterako hezkuntzaren eta hezkuntza ez-formalaren garrantzia; umeak eskubideen subjektu; haurtzaroan inbertitzea; bizitzako lehen mila egunetako arreta goiztiarra; aukera-berdintasuna eta gizarte-mugikortasuna; erakundeen arteko eta dimentsio anitzeko izaera; eta eragile publiko eta pribatuen lotura.
“Eremu horretako esku-hartze publikoa ez litzateke jaiotza-tasaren gizarte-ondorioetan zentratu beharko, baizik eta pertsonen eskubideetan eta ongizatean. Gaur egungo jaiotza-tasako mailak ez dira bakarrik banakako erabakien edo aurreko aldien aldean balioen aldaketaren ondorio, baita pertsonek nahi beste seme-alaba izateko bide ematen ez duen eta oztopoak jartzen dituen gizarte-ingurunearen ondorio ere”, esan du Artolazabalek.
Ituna sinatu duten entitate eta erakundeek hartu dituzten konpromisoak eta beren 10 jardun-ildoak azaldu ondoren, Artolazabalek gogoratu du “Euskadin jaiotza-tasak Estatuko baxuenak direla eta horrek esan nahi duela seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoen aldeko apustua ez dela nahikoa gure herritarrek nahi beste seme-alaba izateko. Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomiko horiez aparte, Eusko Jaurlaritzak denbora darama gurasotasun positiboa, familia-bitartekaritza eta kontziliazio erantzunkidea lantzen duten politikak garatzearen aldeko apustu egiten”.
"Kontziliazio erantzunkideko politikak ezartzeko, emakume eta gizonen artean aukera-berdintasunari bide ematen dioten baldintzak eragiteko apustua behar da, genero-desberdintasuna gainditzeko, emakumeari, aldi berean, enplegu ordaindua eta kalitatekoa izateko aukera emateko eta gaur egun dagoen soldata-arraila murrizteko. Puntu horretan nabarmendu nahi dugu enpresetan garrantzia handia duela kontziliazio-neurriak ezartzeak”, esan du sailburuak.
Erakundeek Euskadin egiten duten gastu publikoa 1995ean BPGd-aren % 0,22 zen eta, orain, % 0,71, Euskal Autonomia Erkidegoko azken Familia Plana ebaluatzeko txostenaren arabera. Euskadik 63,5 milioi € inbertitzen ditu kontziliazioan eta seme-alabak dituzten familientzako laguntzetan; Estatuan gehien inbertitzen duen erkidegoa da. Erkidego bakarra da jaiotzagatiko eta adopzioagatiko laguntzak dituena
Artolazabalen hitzen arabera, “gure ahalegina belaunaldien artean desabantailak ez transmititzeko da, ziur baikaude Europaren eta Euskadiren etorkizunerako ezinbesteko inbertsioa dela eta epe luzera haurtzarorako, ekonomiarako eta gizarte osorako onura handia ekarriko duela. Ekintza hori guztion onerako da: garapen naturala, soziala eta ekonomikoa sustatzen du, produktibitatea areagotu eta hazkunde jasangarria bermatzen delako”.
Erakundeen arteko estrategia
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu du familiei eta haurrei laguntzeko politiken arloko ekintzak eta kudeaketak “erakundeen arteko estrategia sustatzen duela aldaketa demografikorako eta euskal gizartea gaztetzeko, familia eta haurrentzako laguntza-politiken bidez; seme-alabak dituzten familientzako laguntzen dekretua aldatzea eskatzen duela eta, horrela, bi urtekoak barik hiru urtekoak izatea bigarren semeagatiko edo alabagatiko laguntza ekonomikoak; laguntza ekonomikoen sistema eta erantzunkidetasunaren eta lan-, zaintza- eta etxebizitza-arloetako kontziliazioaren eremuan neurri eraginkorrak hobetzen dituela eta erantzunkidetasunaren aldeko politika publiko eraginkorrak aplikatzea dakarrela, etxeko eta zaintzako lanak gizon eta emakumeen artean banatzearen gaineko sentsibilizazioaren eta prestakuntzaren bidez, eta kontziliaziorako eta adingabeak zaintzeko beste laguntza-sistema batzuk aztertzea dakarrela”.
“Euskal familiek nahi beste seme-alaba izateko baliagarri izango diren neurri eta politikak antolatzeko unea da, horiek beren asmoekin bat datorren eta baldintza-berdintasunean oinarritutako etorkizuna izan dezaten. Gure familiak eta haurrak Euskadik Europan duen aurrerapen sozialaren eta solidarioaren eta garapen jasangarriaren oinarri dira. Gaur Legebiltzar honek ebazpen-proposamenak emango dizkigu, eta horiek prestatzen ari garen Familia eta Haurrentzako Laguntza Plana hobetzeko baliatuko ditugu”, esan du Beatriz Artolazabalek Euskal Ganberan.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak espero du “Estrategia eta Plana lantzeko izan ditugun foroetan eta batzordeetan lortutako adostasuna islatzea proposamen horietan. Guztiontzako aukera da, Plan berriaren oinarri den paradigma-aldaketari ahalik eta adostasunik gehienez ekiteko. Hori Euskadirentzako erronka da, eta ematen dugun erantzuna Familia eta Haurrentzako Laguntza Plan berrian egongo da”.

