Albisteak

2017an, 15 eta 29 urte bitarteko 1185 emakumek genero-indarkeria salatu zuten Euskadin Segurtasun Sailaren arabera

2018 Azaroa 21

Indarkeria salatu zuten emakumeen artean emakume gazteen pisuak gora egin du eta gaur egun % 29,5ekoa da.

Azaroaren 25ero ospatzen den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak Segurtasun Sailak emandako datuak aztertu ditu. Datuok emakumeenganako indarkeriaren ingurukoak dira.

Datu hauek EAEko poliziak ofizialki zenbat emakume eta zenbat indarkeria-kasu erregistratzen dituen adierazten dituzte. 2017an, Euskadin, 4020 emakume genero-indarkeriaren biktima izan ziren. Haietatik % 29,5 (1185) 15 eta 29 urte bitarteko emakumeak ziren.

Genero indarkeria jasan duten emakumeen kopuruak gora egin du aurreko urtearekin konparatuz, eta 3774tik 4020 biktimara pasatu dira. 30 urte baino gehiago dituztenen artean ere gorakada eman da. 2016an 1046 baziren, 2017an 1185 izan dira.

Adin-taldeen araberako banaketari erreparatuz gero, 2017an honako hau antzematen dugu: 341 emakume (guztien % 8,5) 15 eta 19 urte bitartekoak ziren; beste 418 emakume (guztien % 10,4) 20 eta 24 urte bitartekoak ziren; azkenik, 426 (guztien % 10,6), 25 eta 29 adin tartekoak ziren.

2017an emakumeen aurkako indarkeriaren biktima izan diren emakumeak Euskadin, adin-taldeen arabera (zenbaki absolutuak)

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen tasek (adin-talde bereko 1000 emakumeko kalkulatuak) ezberdintasun nabariak agertzen dituzte emakume gazteen eta 30 urtetik gorakoen artean (‰ 8,4 eta ‰ 3,4 hurrenez hurren).

Emakumeen aurkako indarkeriaren tasen bilakaera adin-talde handien arabera (tasak 1000 emakumeko)

Datuok eta beste hainbat Gazteen Euskal Behatokiaren Estatistiketan kontsulta daitezke, Balioak eta jarrerak atalaren Emakumeenganako indarkeria azpiatalean, hain zuzen ere.