Albisteak

Lanbidek 680.000 euro gehiago bideratu ditu familia- eta lan-bizitza uztartzeko bide ematen duten enpresentzako laguntzetara

2018 Urria 17

Lanbidek 2.380.000 euro izango ditu neurri horiek finantzatzeko.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Gobernu Kontseiluari Lanbideren Administrazio Kontseiluaren akordioaren berri eman dio; horren bidez, areagotu egiten dira 2018. urtean familia- eta lan-bizitza uztartzeko laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak.

Laguntza-ildo horrek 1,7 milioi euro zituen, hasiera batean, seme-alabak eta mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden familiartekoak zaintzeko eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden langileen ordezkapena bultzatzeko. Kopuru hori 680.000 euro igotzea proposatu da. Horrela, Lanbidek, guztira, 2.380.000 euro izango ditu neurri horiek finantzatzeko.

Familiako eta Laneko Bizitza Uztartzeko Laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak familiei zuzendutako hiru jardun-ildo aurreikusten ditu: lehenengoa, seme-alabak zaintzeko eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden langileei laguntzeko; bigarrena, mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden familiartekoak zaintzeko; eta, hirugarrena, seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko.

Bestalde, Dekretuak laugarren laguntza-ildoa ere aurreikusten du, baina hori enpresa kontratatzaileak diruz laguntzera bideratzen da, eta zuzenean kudeatzen ditu Lanbidek (aurreko hirurak Familiako eta Politika Komunitarioko Zuzendaritzak). Gaur Gobernu Kontseiluak onetsi dituen laguntzak azken laguntza-ildo horri dagozkio.

Oro har, lau jardun-ildoak Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko III. Planaren esparruan kokatzen dira; horren funtsezko helburua da familien sustapen- eta laguntza-politikak sustatzea beren bizi-ziklo osoan.

Ebazpen honetan jaso diren diru-laguntzak norberaren kontura dabiltzan pertsona fisikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoan lan-zentroa duten pertsona juridiko pribatuek –sozietate publikoak izan ezik– eskatu ahalko dituzte. Eskabideak aurkezteko epea urte osoan dago zabalik.

Informazio gehiago