Albisteak

Eusko Jaurlaritzak farmazia prestaziorako eredu berria sustatzen du Euskadiko egoitzetan

2019 Otsaila 26

  • Zentro bakoitzak bere farmazia-zerbitzua edo gordailua eta bere langile farmazeutikoak izango ditu, prestazioa seguruagoa eta kalitate handiagokoa izateko.
  • Farmazia Soziosanitarioaren Unitatea sortuko da; bertan, egoiliarren medikazioa dosi pertsonalizatuetan prestatuko da.
  • Eredu berriaren bidez, urtean 2,5 milioi euro aurreztuko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Gaur, Gobernu Kontseiluan onetsi den Dekretuarekin, adinekoen egoitzetan farmazia-prestazioa kudeatzeko eredu berria ezartzen da. Ondoko prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Jon Darpón sailburuak azaldu dute sistema berria eraginkorragoa eta seguruagoa dela eta Euskadiko adinekoen egoitzetan farmaziaren eremuko asistentziaren kalitatea areagotuko duela.

Egoitza bakoitzak bere farmazia-zerbitzua edo gordailua izango du, bere langile farmazeutikoak, eta Farmazia Soziosanitarioaren Unitate aitzindaria izango du; Unitateak egoiliarren medikazioa dosi pertsonalizatuetan prestatu eta, ondoren, aldizka, egoitzetara bidaliko du. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro aurreztuko ditu urtean. 

 

KUDEAKETA EREDU BERRIA 

Biztanleria pixkanaka zahartzen doa eta, ondorioz, osasunaren eremuan zainketarako eta laguntza-neurriak hartzeko behar handiagoa dago. Eskari gehien duen baliabideetako bat pertsonako medikamentuen kontsumoaren eta preskripzio-kopuruaren igoera da. Zentro-mota horietako egoiliarrek urtean 1,5 medikamentu-errezeta inguru kontsumitzen dituztela kalkulatzen da; alegia, urtean, batez beste, 75 errezeta pertsonako. Horrek esan nahi du urtean, guztira, 20 milioi euroko kostua eragiten duela.

 Hori dela eta, berriro formulatu behar da farmazia-prestazioaren kudeaketa-eredua, bai titulartasun publikoko bai pribatuko egoitzetan. Hori horrela, Jon Darpón Osasun sailburuak honako hau esan du: “eredu berri horren bidez, farmazia-prestazioa seguruagoa eta kalitate handiagokoa izango da Euskadiko egoitzetan bizi diren adinekoentzat eta, aldi berean, prestazioaren eraginkortasuna hobetuko da”.

3 eremutan jardun da: araudi-eremuan, kalitatean eta eraginkortasunean.

Araudi-eremua

Gobernu Kontseiluak Euskadiko adinekoen egoitzetako farmazia-zerbitzuei eta medikamentuen gordailuari buruzko Dekretua onartu du.

Dekretuaren bidez, egoitzetan farmazia-zerbitzuak eta medikamentuen gordailuak jartzeko eta abian izateko eskakizunak ezartzen ditu.

  • Farmazia-zerbitzua behar da 100 plazako edo gehiagoko egoitzetan. (Euskadiko osasun-sistemako ospitale bateko farmazia-zerbitzuari lotuta dauden zentroek eskakizun hori ez dute behar izango, baldin eta medikamentuen gordailua ezartzen badute.)
  • 100 plaza baino gutxiagoko eta 25 baino gehiagoko egoitza-zentroek medikamentuen gordailua izan beharko dute.

Aldaketa horretarako, urtebeteko epea dago, Dekretuaren aplikazio-eremuan dauden egoitzek baimena eskatzeko.

Kalitatearen eremua

Adinekoen egoitzetan farmazia-arreta egokia garatzea da asmoa. Horretarako, langile farmazeutikoak sartuko dira eta egoiliar bakoitzaren medikazioaren erabilera berrikustea sustatuko da.

Eraginkortasunaren eremua 

Eusko Jaurlaritzak Farmazia Soziosanitarioaren Unitatea sortuko du. Bertan, egoiliarren medikazioa dosi pertsonalizatuetan prestatuko da eta, ondoren, aldizka, egoitzei entregatuko zaie. 100 plazako edo gehiagoko egoitza publiko eta pribatu guztiei emango die zerbitzu eta Galdakaoko Ospitalearen ingurunean egongo da.

 

EUSKADIKO ADINEKOEN EGOITZAK 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “Osasun Sailak eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sinatu genuen hitzarmenean ikusi dugunez, zentroetako farmazia-arauketak horietan zerbitzu hobea izaten laguntzen du, eta zerbitzu hori hobetzen jarraituko da, hurrengo dekretuaren bidez; dekretu horrek adinekoen egoitza-zentroak arautuko ditu, behar dutenei kalitateko egoitza-arretako zerbitzuak jasotzeko eskubidea bermatzeko”.

“Dekretu-proiektu berria prestatzeko, Eusko Jaurlaritzak gertutik jardun du lankidetzan hiru foru-aldundietako eta Eudeleko langile teknikariekin. Dekretu horretarako oinarrizko helburuak honako hauek dira: erabiltzaileei eguneroko bizitzako jarduerak egiteko zainketak eta asistentzia pertsonala bermatzea, beren autonomia pertsonalari eutsi eta garapen pertsonala sustatzea, trebetasunak eskuratzea eta beren narriadura saihestea; ingurune komunitarioarekin harremanak izaten jarraitzeko eta bertan parte hartzeko jarduerak garatzea; familiarekin eta beste egoiliar batzuekin edo egoitza-ingurunetik kanpoko beste pertsona batzuekin harremanak egitea eta zentroko bizitzan parte hartzea; eta beren segurtasun sentimendua hobetzea”, esan du Artolazabalek.

“Gaur farmaziaren arloan onetsitako hitzarmenaren eta egoitzen arauketa hobetzeko ematen ari garen urrats berrien bidez, arreta integrala eta pertsona oinarri duena lortzen dugu; kalitatearen kudeaketako, ebaluazioko eta etengabeko hobekuntzako eredua; eta gure adinekoen eskubideen bermea”, esan du Artolazabalek.