Albisteak

Beatriz Artolazabal: "Udarako iragaitzazko migratzaileentzako hiru egoera-mota aurreikusi ditugu, eta, horretarako, Kontingentzia Plana dugu"

2019 Ekaina 12

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzak Gibraltarko itsasartetik Europara udako hilabeteotan ustez etorriko diren migratzaileei arreta emateko prestatu duen Kontingentzia Planaren xehetasunak eman ditu, eta planak zenbait egoera aurreikusten ditu.

Artolazabal sailburuak azaldutako aurreikuspenak hiru egoera posibletan ardazten dira: “A egoera edo gerta daitekeena; fluxuak 2018koaren antzekoak izango dira. Unerik gorenetan, egun batean 250 pertsona erregistra litezke. B egoera, edo posiblea dena; bertan, fluxuak bikoiztu egin daitezke, unean-unean. Une gorenetan, egun batean 500 pertsona erregistra litezke. Eta C egoera, edo salbuespenezkoa; bertan, une jakin batzuetan, egun batean 600 pertsona baino gehiago erregistra litezke. A priori, ziurrenik ez da hala gertatuko; hala ere, erantzukizunez jardun behar da eta hala aurreikusi”.

Beatriz Artolazabalek azaldu du Kontingentzia Planaren edukia dagoeneko Gurutze Gorria Euskadirekin, hiru foru-aldundiekin eta Bilboko, Donostiako, Vitoria-Gasteizko eta Irungo udalekin adostu dela. Halaber, koordinazio-mahaian parte hartzen duten gizarte-erakundeekin ere partekatu da.

“Ezin da zehatz kalkulatu zenbat migratzaile aurreikusten den helduko direla 2019an. Aurreikuspenen arabera, kopuru hori ekainetik aurrera hasiko da areagotzen, eta unerik gogorrenak uztailaren eta urriaren bitartean izango direla aurreikusten dugu”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Hiru egoera

Aurreikuspen horietatik abiatuta, Kontingentzia Plan horrek hiru lan-hipotesi zehazten ditu. “Gerta daitekeena” egoeran, fluxuak 2018koaren antzekoak izatea aurreikusten da. Une jakin batzuetan, egun batean 250 pertsona erregistra litezke. Horretarako, 2018an sortutako aterpe-sarea prestatu da: Bilbon 100 plaza, Irunen 60 plaza, Donostian 25 plaza eta Gasteizen 65 plaza; guztira, 250 plaza. Horiez gainera, errefortzuko beste 50 plaza, eta horiek Berrizko eta Oñatiko baliabideetan erabil daitezke.

Posiblea dena” egoera, fluxuak bikoiztu egin daitezke, eta egun batean 500 pertsona iritsi. Egoera hori ez da aurrekoa bezain gertagarria, baina ez da baztergarria ere. Euskal erakundeek Bilbon 150 plazako aterpetxe errefortzatua jarri dute, 100 plazako beste bat Irunen eta 150 plazako beste bat Donostialdean. Gasteizen 100 plazako beste bat. Alegia, guztira, 500 plaza, gehi Berrizko eta Oñatiko 50 plazak.      

Salbuespenezko” kasurako aurreikusitako hirugarren egoera dela eta, egun bakarrean 600 pertsona baino gehiago iritsiz gero -ez da oso posible gertatzea-, Eusko Jaurlaritzak eta tokiko erakundeek B egoerako aterpeen azpiegitura edukiko lukete: 550 plaza eta berehala batez beste ehun plaza baino gehiagorako edukiera duten premiazko aterpe bilakatzeko identifikatutako instalazioak. Instalazio horiek beharren arabera egokitu litezke: 3 instalazio Araban, 4 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan.

Errealitate desberdinak

Artolazabalek esan duenaren arabera: “lehen premisa errealitateak ez nahastea da. Ez dira iragaitzazko migratzaileak eta errefuxiatuak edo etxegabeak edo Euskadin duela denbora bizi diren etorkinak edo beste kolektibo batzuk nahastu behar; izan ere, ez du laguntzen batzuek edo besteek jaso behar duten zerbitzu berezirako eta desorientazioa eragiten dute nahasketa horiek. Kontingentzia Plan horren bidez, errealitateari eta iragaitzazko migratzaileek dituzten premiazko arreta humanitariorako beharrei erantzuten zaie.  Horietako gehienek atseden hartzeko eta egun batez edo biz berrezartzeko beharra dute; berrezartzeko egun horiek, batzuetan, 3, 5 edo 7 egunetara luzatzen dira.  Premiazko baliabide-mota horiek txandaka ematen dira, eta txandakatzeko izaera hori nazioarteko estandar humanitarioa da”.

“Txandakatze zerbitzuak, gainera, beste hiru eskariri eman beharreko erantzuna aurreikusiko du. Iragaitzazko migratzaile batzuek nazioarteko babesa eska dezakete: errefuxiatuei arreta emateko aurreikusitako sistemaren baliabideetara bideratuko dira. Iragaitzazko beste migratzaile batzuk ahultasun-egoeran egongo dira, beharbada: beste baliabide osagarri batzuetara eta beren beharretara egokitzen direnetara bideratuko dira. Eta iragaitzazko migratzaile batzuek Euskadin geratzeko duten borondatea adieraziko dute, beharbada: beraz, izan ditzaketen gizarte-baliabideen berri emango zaie”, esan du Artolazabalek.

Kontingentzia Plan horrek aurreikusten dituen irizpideen laburpenak honako hau nabarmentzen du: iragaitzazko migratzaileentzako premiazko harrera Gurutze Gorria Euskadiren bidez eta bertako profesionalen bidez emango da, Migrazioen Estatuko Idazkaritzak ezarritako esparruaren arabera.  Eusko Jaurlaritzak eta gainerako euskal erakundeek beren gain hartuko dituzte zerbitzu honen finantzaketa eta laguntza, Espainiako Gobernuak aurreikusitakoarekin osagarria den guztian, 2018an garatutako ereduari jarraikiz.

Koordinazioa

Euskal erakundeak Erakundeen arteko Lan Mahai batean koordinatuko dira, eta mahai horrek Batzorde Iraunkorra izango du eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak koordinatuko ditu. Onarpen-izapidean, migratzaileek honako zerbitzu hauek jasoko dituzte: osasunaren berrikuspena, balorazio-elkarrizketa, jasoko duten asistentziari buruzko informazioa, telefono-kargagailuak, wifia, familiartekoei deiak egiteko laguntza eta lehen mokadua.  Iragaitzazko migratzaileak plazak libre dituen hurbileneko aterpera eramango dira. Aterpeek emakumeentzako eta adingabeentzako espazioen banaketa izango du. Lehentasuna dute eriondoek eta adingabeak dituzten edo ez dituzten emakumeek; horiek, egoeraren arabera, beste zentro batzuetara bideratu ahalko dira.

Disponibilidadea bada, gehienez bost gau egon ahalko dira, eta egonaldi hori luzatu ahalko da, behar berezia dagoen egoeretan. Migratzaileek, aterpeetan hartu ondoren, honako zerbitzu hauek jasoko dituzte: gaua ematea, gosariak, bazkariak, afariak, farmaziako gastuak medikuaren preskripzioarekin, arropak, norbere garbitasuna eta elkarrizketetarako eta banako laguntzarako profesionalen arreta.

Aterpeen ordutegia 20:00etatik 09:00etara izango da, eta, salbuespen gisa, zabaldu ahalko da. Zerbitzu hori osatzeko Bilboko eta Irungo eguneko zentroetako zerbitzuak daude. Planak pertsona horiekin solidarioak diren zerbitzuen prestazioan parte hartu nahi duten erakundeekiko lankidetza-ildoak ezartzeko aukera aurreikusten du. Lankidetza horren buru erakundeen arteko mahaiarekiko koordinazio-logika izango da.

Plan horren helburua honako hau da: “erantzun egokia, gizatiarra, proportzionatua, jasangarria eta solidarioa eskaintzen jarraitzea”. Beatriz Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “Euskadin, iaz, erakundeen arteko eta gizarteko lankidetza ona ehundu genuen, eta, horrela, guztiok egin ahal izan genuen elkarrekin lan. Euskadin, ez dira zabalik adierazten migratzailearengan beldurra eragiten duten diskurtso xenofoboak edo arrazistak, baina ugaritu egiten dira ingurunean. Bata eta bestea zaindu egin behar dira; izan ere, bizikidetzarako eta gizarte-kohesiorako sekulako balioa du”.

Sentsaziolismoari ez

“Modu berean, migrazioa arazo bilakatzen duen guztia edo komunikabideetan sentsazionalismoa bilatzen duena lursail ongarritu bilakatzen da demagogia egin nahi dutenentzat edo migrazioarekin zerikusia duten zurrumurru, faltsutasun eta izuen inguruan politika- edo hauteskunde-onura ateratzen dutenentzat. Lan inklusiboa zaintzeko modu onena da erakundeen arteko eta horien eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza-esparruetan sakontzea”, esan du Artolazabalek, Eusko Legebiltzarrean.

“Horrela egitean, optimizatu egiten da iragaitzazko migratzaileei eskaini diezaiekegun erantzuna, eta euskal gizarteak migrazio-gertakariaren inguruan duen pertzepzioa prozesu positibo eta eraikitzaileekin lotuta egon dadin laguntzen du. Eremu horretan, beste edozeinetan baino gehiago, batzen gaituena oinarri hartuta elkarrekin lan egin behar dugu. Kasu honetan, batzen gaituena funtsezkoa da: giza erantzuna ematea, proportzionatua, jasangarria eta solidarioa”, esan du Artolazabalek.

Humanismoa

Artolazabal sailburuaren iritziz, helburuak honako hau izan behar du: “euskal herritarrek orain arte nagusitu den migrazioen interpretazio-esparrua aldatzea, eta egoera hori aukera gisa ikusi ahal izatea eta ez arazo gisa. Ideia honako berezko eredua eraikitzea da: kultura-aniztasun berritzailea, irekia eta Euskadi eremu horretan erreferente izateko asmo argia duena -beste eremu batzuetan bezala, esaterako, industrian, lanbide-heziketan edo gizarte-kohesioaren ereduan-­­­­­­­. Euskal gizartea solidarioa da, eta Europako gizarte-eskubideen ereduarekin bat datozen oinarri humanista sendoak ditu”.

 “Immigrazioa egiturazko fenomenoa da: ezin da pentsatu azken urteotan Europan izan diren migrazio-fluxuak desagertuko direnik edo atzerritarrak beren jaioterrira masiboki itzuliko direnik.  Atzeraldian, atzerritarren kopurua ez da murriztu, eta itzultzeko aukera oso mugatua izan zen, iritzi publikoak bere sasoian uste zuenaren arabera”, esan du Artolazabalek.

Artolazabal sailburuaren hitzen arabera, “etorkinak Europara geratzeko datoz: beste garai batzuetan eta beste migrazio-prozesu batzuekin gertatu den bezala, immigrazio-fenomenoa helmugako lekuan finkatzen eta egonkortzen da, denborarekin.  Hori berori gertatzen ari da azken urteotan. Hori dela eta, joan egingo direlako aukerak ez dira baliozkoak. Beste hitz batzuetan esanda, Europara geratzeko datoz eta, premisa horretatik abiatuta, esanguratsua da aniztasuna kudeatzeko eta integratzeko politikak aktibatzea, jatorri immigranteko kolektiboarentzako eta beren seme-alabentzako”.

2018ko balantzea

Euskal erakundeak Gurutze Gorria Euskadirekin ari dira elkarlanean, 2019ko martxora arte, eta 8.662 pertsonari eman diete arreta, dagoeneko. % 85 gizona; % 13 emakumea, eta % 2 adingabea. % 40 Ginea-Conakrykoa; % 20 Malikoa; % 12 Boli Kostakoa; eta % 28 Kamerungoa, Nigeriakoa, Senegalekoa eta Burkina Fasokoa. % 90 frankofonoa. 4 aterpe gaitu ziren: Bilbon, 88 plaza; Donostian, 30; Irunen, 60, eta, Vitoria-Gasteizen, 5 plaza. Irailean, Berrizen ahultasun-egoeran dauden pertsonentzako zentroa gaitu zen. Urrian, zentro bat ireki zen Oñatin, 100 plazarekin, nazioarteko babesa eskatzen dutenen lehen harrerarako, eta, behin-behinean, ahultasun-egoeran dauden edo iragaitzazkoak diren migratzaileentzako errefortzu gisa.

Hartutako pertsona gehienek beren bidaiari ekin ohi diote berriro, lehen gaua egin ondoren. % 95ek baino gehiagok, Euskadin lehen bost egunak bete aurretik.  Gainerako % 5etik, % 50 baino gehiago beste helmuga batzuetara joan da, hamabost egun igaro aurretik.