Albisteak

Azpiazu: "Eskubide bat dira pentsioak eta bermatu egin behar dira"

2018 Otsaila 22

Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean berriro aldarrikatu du Ogasun eta Ekonomiako sailburuak Gizarte Segurantzako kudeaketa ekonomikoa

Gaur, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk gogora ekarri du pentsioak kobratzea pertsonek duten eskubide bat dela eta, hortaz, Espainiako Gobernua behartuta dago hori bermatzera. Sailburuak berriro aldarrikatu du Gizarte Segurantzako kudeaketa ekonomikoa, Gernikako Estatutuan jasota bezala, horrela ahalbidetuko baitzaio Euskadiri bere gizarte-politikak bateratzea. Hala ziurtatu du gaur Radio Euskadiko Boulevard saioan emandako elkarrizketa batean.

Sailburuak ulertzen du pentsiodunen kolektiboaren beldurra pentsioen eltzeitsua husten ari dela entzuten dutenean, baina azpimarratu du Mariano Rajoyren Exekutiboak, eltzeitsu hori kudeatzeaz arduratzen denak, bermatu egin behar duela eskubide hori eta irtenbideak bilatu, pentsioak murriztetik harago. Zalantzarik gabe, ordea, sailburuaren ustez "gauzak askoz ere hobeto egin litezke" Eusko Jaurlaritzarena balitz pentsioak ordaintzeko ahalmena. Horregatik, eskumen hori transferitzea espero du, horrela betearaziko baita Gernikako Estatutua.

Datorren martxoaren 8rako deitutako grebari buruz galdetu zaionean, mobilizazioa errespetatzen duela adierazi du, eta gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzari dagokiola deialdi hori egitera eraman duten eskariei erantzutea. Ziurtatu duenez, lanean dihardu Exekutiboak soldata-arrailari azkena ematearren.